Herri Indigenen Eskubideen inguruko Adierazpena

Nazio Batuen Batzar Nagusiaren 61/295 ebazpena
      Alde Ebazpenaren alde bozkatu zuten estatuak
      Aurka Ebazpenaren aurka bozkatu zuten estatuak
      Abstentzioa Abstenitu ziren estatuak
      Ez zeudenak Ebazpenaren bozketan egon ez ziren estatuak
Data 2007ko irailaren 13a
Kodea A/61/295 (Document)
Gaia Indigenous rights
Bozketaren emaitza 144 boto alde
4 boto aurka
11 abstentzio
34 ez zeuden
Emaitza Onartuta
Zeelanda Berriko Ordezkaritza Nazio Batuen Gai Indigenen Foro Iraunkorrean. Zeelanda Berriak 2010eko apirilean herrien indigenen eskubideei buruzko aitorpena onartu zuen

Herri Indigenen Eskubideei buruzko Adierazpena (Declaration on the Rights of Indigenous Peoples[1], alegia UNDRIP edo DOTROIP ingelesez) legez loteslea ez den ebazpena da, Nazio Batuen Erakundeak (NBE) 2007an onartutakoa. Herri indigenen eskubide indibidual eta kolektiboak zedarritu eta zehazten ditu, eta horien artean daude adierazpen kultural eta zeremoniala, identitatea, hizkuntza, enplegua, osasuna, hezkuntza eta beste gai batzuk. Eskubide horiek, halaber, jabetza intelektual eta kulturala babesten dute.

Adierazpenaren helburua da estatuek eta herri indigenek orpoz-orpo lan egitea munduko arazoak konpontzeko, hala nola garapena, demokrazia multikulturala eta deszentralizazioa.

Historia

2007 aurretik

Adierazpenaren oinarriak 1923 eta 1925ean hasi ziren Irokesen buru Deskaheh eta maorien aldeko T.W. Ratana-k (Tahupōtiki Wiremu Rātana) egindako lanarekin, Kanada eta Zeelanda Berriko arazoak Nazioen Ligara eramaten saiatu baitziren[2][3].

Hastapen horiek eta gero, adierazpena beren-beregi prestatzeko prozesuak 25 urte baino gehiago iraun zuen. Ideia 1982an sortu zen, Nazio Batuen Kontseilu Ekonomiko eta Sozialak (ECOSOC ingelesez ) Populazio Indigenei buruzko Lantaldea (WGIP ingelesez) sortu zuenean, José Ricardo Martínez Cobok herri indigenek jasaten duten diskriminazioaren arazoari buruz egindako azterlan baten ondorioz. 1985ean, Herri Indigenen Eskubideen inguruko Adierazpena idazteko lanean hasi zen Lantaldea. Proiektua 1993an amaitu zen, eta Diskriminazioa Prebenitzeko eta Gutxiengoak Babesteko Azpibatzordeari aurkeztu ondoren hurrengo urtean, 1994ean, onetsi zuen. Nazioarteko Lan Erakundeak 1989an Herri Indigenen eta Tribuen Hitzarmena onartu zuen.

Ondoren, adierazpen-proiektua Giza Eskubideen Kontseilura bidali zen, eta bertan beste lantalde bat sortu zen baldintzak aztertzeko. Hurrengo urteetan, lantalde hori 11 aldiz bildu zen, adierazpen-proiektua zein xedapenak aztertu eta zehazteko. Garapena motela izan zen, zenbait estatuk Adierazpenaren funtsezko xedapen batzuei buruz zituzten kezkengatik, hala nola indigenen autodeterminazio-eskubidea eta herri indigenen ohiko lurretan dauden baliabide naturalen gaineko kontrola[4]. Adierazpenaren azken bertsioa 2006ko ekainaren 29an onartu zuen 47 kideko Giza Eskubideen Kontseiluak (30 estatu kide alde, 2 kontra, 12 abstentzio eta ez zeuden 3 kide zituela)[5].

2007a: Ebazpena bozkatzea

2007ko irailaren 13an, ostegunarekin, Nazio Batuen Erakundeko (NBE) Batzar Nagusiak Adierazpenaren aldeko 144 boto eman zituen, 4 kontra, 11 abstenitu egin ziren eta 34 ez zeuden. Beraz, onarpen zabala izan zuen.

Alde bozkatu zuten estatuen zerrenda (144) Afganistan, Albania, Aljeria, Andorra, Angola, Antigua eta Barbuda, Argentina, Armenia, Austria, Bahamak, Bahrain, Barbados, Bielorrusia, Belgika, Belize, Benin, Bolivia, Bosnia-Herzegovina, Botswana, Brasil, Brunei, Bulgaria, Burkina Faso, Kanbodia, Kamerun, Cabo Verde, Afrika Erdiko Errepublika, Txile, Txinako Herri Errepublika, Komoreak, Kongoko Errepublika, Costa Rica, Kroazia, Kuba, Zipre, Txekia, Ipar Korea, Kongoko Errepublika Demokratikoa, Danimarka, Djibuti, Dominika, Dominikar Errepublika, Ekuador, Egipto, El Salvador, Estonia, Finlandia, Frantzia, Gabon, Ghana, Grezia, Guatemala, Ginea, Guyana, Haiti, Honduras, Hungaria, Islandia, India, Indonesia, Iran, Irak, Irlanda, Italia, Jamaika, Japonia, Jordania, Kazakhstan, Kuwait, Laos, Letonia, Libano, Lesotho, Liberia, Libia, Liechtenstein, Lituania, Luxenburgo, Madagaskar, Malawi, Malaysia, Maldivak, Mali, Malta, Maurizio, Mexiko, Mikronesia, Moldavia, Monako, Mongolia, Mozambike, Myanmar, Namibia, Nepal, Herbehereak, Nikaragua, Niger, Norvegia, Oman, Pakistan, Panama, Paraguai, Peru, Filipinak, Polonia, Portugal, Qatar, Hego Korea, Santa Luzia, Saint Vincent eta Grenadinak, San Marino, Saudi Arabia, Senegal, Serbia, Sierra Leona, Singapur, Eslovakia, Eslovenia, Hegoafrika, Espainia, Sri Lanka, Sudan, Surinam, Eswatini, Suedia, Suitza, Siria, Thailandia, Ipar Mazedoniako Errepublika, Ekialdeko Timor, Trinidad eta Tobago, Tunisia, Turkia, Arabiar Emirerri Batuak, Erresuma Batua, Tanzania, Uruguay, Venezuela, Vietnam, Yemen, Zambia eta Zimbabwe.
Aurka bozkatu zuten estatuen zerrenda (4) Australia, Kanada, Ameriketako Estatu Batuak eta Zeelanda Berria.
Abstenitu ziren estatuen zerrenda (11) Azerbaijan, Bangladesh, Bhutan, Burundi, Kolonbia, Georgia, Kenya, Nigeria, Errusia, Samoa eta Ukraina.
Ez zeuden estatuen zerrenda (34) Txad, Boli Kosta, Ekuatore Ginea, Eritrea, Etiopia, Fiji, Gambia, Granada, Ginea Bissau, Israel, Kiribati, Kirgizistan, Marshall Uharteak, Mauritania, Maroko, Montenegro, Nauru, Palau, Papua Ginea Berria, Errumania, Ruanda, Saint Kitts eta Nevis, Sao Tome eta Principe, Seychelleak, Salomon Uharteak, Somalia, Tajikistan, Togo, Tonga, Turkmenistan, Tuvalu, Uganda, Uzbekistan eta Vanuatu.

2007 ondoren

Aurka bozkatu zuten lau estatu kideak Britainiar Inperioko kolonoak ziren eta, garai hartan, herrialde horietako biztanle gehienak ez ziren indigenak. Geroztik, lau herrialdeak joan dira adierazpena modu informalean onartzen eta nahiz eta aldaketa hori ez izan litzatekeen legez loteslea izango.

Kanadak, Alderdi Kontserbadorearen buruzagitzapean, adierazpen ofizialak egin zituen UNDRIPen aplikazioaren aurka[6]. Hala ere, 2015ean aukeratutako gobernu liberalak argi adierazi du Kanadak UNDRIP babesten duela. 2020ko abenduaren 3an, C-15 lege-proiektua aurkeztu zen Komunen Ganberan, Kanadako zuzenbidea NBEren ebazpenera egokitzeko. 2021eko ekainaren 16an Kanadako senatuak C-15 lege-proiektua onartu zuen, eta 2021eko ekainaren 21ean errege-onespena jaso zuen, lege bihurtzeko. Horrela, Kanada bihurtu zen Britainiar Inperioko kolono gisa atzera egiten zuen lau herrialdeetako lehena.

Australiako Gobernuaren esku-hartzeak, bere partetik, zalantzan jarri izan dira[7].

Gaur egun, 2007an aurka bozkatu zuten lau herrialdeek, modu informalean bada ere, atzera egin eta Adierazpena babesten dutela eman dute aditzera.

Abstenitu ziren hiru herrialdek, Kolonbiak, Samoak eta Ukrainak[8], babestu egin dute Adierazpena gerora.

2020ko otsailean, Nazio Batuen Ekonomia eta Gizarte Gaietarako Departamentuak, honela deskribatu zuen Herri Indigenen Eskubideei buruzko Adierazpena (A/RES/61/295): "(...) herri indigenen eskubideei buruzko nazioarteko tresnarik integralena. Munduko herri indigenen biziraupenerako, duintasunerako eta ongizaterako gutxieneko estandarren esparru unibertsala ezartzen du, eta indarrean dauden giza eskubideen eta oinarrizko askatasunen estandarretan sakontzen du, herri indigenen egoera espezifikoari aplikatzen zaizkion heinean"[9].

Helburua

Gizabanako indigena eta herri indigenen aurkako iragan eta gaur egungo indarkeriaren zein gehiegikerien ondorioz, NBEk beharrezkotzat jo zuen Adierazpena sortzea. Gainera, herri indigenak ez dira nazio-estatu politikotzat hartzen, eta ezin dute nazioarteko zuzenbidearen babesa eskuratu nazioarteko justizia-auzitegiaren bidez.

Estatus legalari erreparatzen badiogu, Batzar Nagusiaren adierazpena den heinean, Herri Indigenen Eskubideei buruzko Adierazpena ez da juridikoki loteslea nazioarteko zuzenbidearen arabera[10].

Kanadako Saskatchewango Unibertsitateko Ikerketa Katedrako eta fakultateko kide Ken Coatesek, argudiatzen du Adierazpenak sona handia duela herri indigenen artean, baina gobernu nazionalek, berriz, oraindik ez dutela erabat ulertu haren eragina"[11].

Edukia

Adierazpena Nazio Batuen ebazpen gisa dago egituratuta: 23 hitzaurre-klausula eta 46 artikulu ditu. Artikulu gehienetan, Estatuak indigenen eskubideak nola sustatu eta babestu behar dituen adierazten da. Hona hemen artikuluetako gai nagusiak:

  • Pertsona eta herri indigenen autodeterminazio-eskubideak (1 - 8 artikuluak; 33 - 34 artikuluak)
    • Norbanakoaren eta jendartearen arteko aldea.
  • Indigenek, bakarka zein taldean, kultura babesteko duten eskubidea praktika propio, hizkuntza, hezkuntza, komunikabide eta erlijioaren bidez, beren jabetza intelektualaren kontrola barne (9., 15., 16., 25. eta 31. artikuluak)
  • Herri indigenek gobernatzeko eta garapen ekonomikorako duten eskubidea (17., 21., 35. eta 37. artikuluak)
  • Osasun-eskubideak (23 - 24 art.)
  • Besteak beste, adinekoen, emakumeen eta haurren azpitaldeak babestea (22. artikulua)
  • Jabetzatik eratorritako lur-eskubideak (lurrak konpontzea edo itzultzea,adibidez, 10. artikulua) eta ingurumen-gaiei dagozkienak (26. artikulutik 30. artikulura eta 32. artikulura)
  • Dokumentu hau etorkizunean nola ulertu behar den (38 - 46 artikuluak).

Xedapenak

Adierazpenaren sarrerak eta 2. artikuluak ezartzen dute "herri indigenak gainerako herrien berdinak direla". Iindigenek, beste herriek bezala, dituzten eskubideak aldarrikatzeaz gain, Adierazpenak artikulu batzuetan (46tik 23tan) jasotzen du estatuek nola jokatu behar duten. Artikulu gehienek diote estatuak herri indigenekin batera aritu behar direla lanean. Hona hemen hartu beharreko zenbait neurri:

  • Lurrak (26. artikulua), zeremoniazko objektuak (12. artikulua) eta giza ondarea (12. artikulua) itzultzea.
  • "Herri indigenen osasuna zaintzeko, mantentzeko eta lehengoratzeko programak" ezartzea (29. artikulua)
  • Pertsona eta herri indigenen eskubideak babestea eta babesaraztea (artikulu askoren azpipuntua; ikus adierazpena[12]).

Aipuak

Herri Indigenen Eskubideei buruzko Adierazpenak honakoa dio, besteak beste: "herri indigenek beren erakunde, kultura eta tradizioak mantendu eta indartzeko dituzten eskubideak azpimarratzen ditu, bai eta beren beharretara eta asmoetara egokitutako garapena lortzeko duten eskubidea ere. Debekatu egiten du herri indigenen aurkako diskriminazioa", eta "haien partaidetza oso eta eraginkorra sustatzen du dagozkien gai guztietan, bai eta bereizita egoteko eta garapen ekonomiko eta sozialari buruzko beren ikuspegiak jarraitzeko duten eskubidea ere".

Juridikoki loteslea ez bada ere, Adierazpenak hau jasotzen du: "nazioarteko arau juridikoen garapen dinamikoa irudikatzen du, eta NBEko estatu kideek norabide jakin batzuetan aurrera egiteko duten konpromisoa islatzen du" eta "indigenen tratamendurako estandar garrantzitsua da, zalantzarik gabe tresna garrantzitsua izango dena planetako 370 milioi indigenen giza eskubideen urraketak ezabatzeko, eta diskriminazioaren eta marjinazioaren aurkako borrokan laguntzeko".

Adierazpenak barne hartzen ditu "Indigenen aldarrikapen historikoak, erronka garaikideak eta helburu sozioekonomiko, politiko eta kulturalak" eta "erakunde indigenek belaunaldiz-belaunaldi egindako ahaleginaren uzta da; izan ere, urteetan aritu dira lanean nazioarteko arreta lortzeko, beren asmoen errekonozimendua izateko eta beren agenda politikoetarako babestua izan dadin".

40. artikuluak dioenez, herri indigenek eskubidea dute estatuekin edo beste alderdi batzuekin izan ditzaketen gatazkak konpontzeko bidezko prozedurak izateko, indigenek ezin dutelako Nazioarteko Justizia Auzitegia erabili.

Eztabaida

Adierazpenaren aurka bozkatu zuten lau gobernuek – guztiak anglofonoak, Britainiar Inperioko kide ohiak eta populazio nagusiki zuria zutenak, baina biztanleria aborigen esanguratsua zutenak – erreserba handiak adierazi zizkioten adierazpenaren azken testuari. Australiaren ordezkaritzak indigenen sistema juridiko tradizionalak mantentzearen aurka hitz egin zuen, eta honako hau adierazi zuen: "australiar guztientzako lege bakarra egon behar da, eta ez dugu erlikia gisa mantendu behar mundu modernoan onargarriak ez diren legezko jardunbideak"[13].

Kanada haratago joan zen, eta esan zuen, "adierazpenaren espiritua" babesten duen arren, Kanadako Konstituzioarekin funtsean bateraezinak diren alderdiak biltzen zituela, eta bereziki aipatu zituen, batetik, 19. artikulua, gobernuek indigenekin kontsultak egitea eskatzen duena, neurri legegile eta administratiboak hartu eta aplikatu aurretik, haien adostasun aske, aldez aurreko eta informatua lortzeko, eta, bestetik, 26. artikulua, lurralde indigena historikoei buruzko erreklamazioak egin ahal izateko eskubidea biltzen duena. Funtzionario batzuek dokumentua honela deskribatu zuten: "gauzatzea ezinezkoa da gobernu konstituzionala duen mendebaldeko demokrazia batean"[14].

Zeelanda Berriak onartu ezin zituen lau artikulu zeudela adierazi zuen, eta bereziki 26. artikuluak beste herritar batzuek legez zituzten lurren eskubide indigenak aitortzea eskatzen zuela. Gobernuaren arabera, horrek "ez dio erantzuten egungo errealitateari, eta ezinezkoa litzateke egikaritzea"[15].

Estatu Batuetako bozeramaile Benjamin Changek bere burua zuritu zuen esanez "egin zena ez dago argi. Bidea interpretazio askoren mende dago orain, eta ez zen printzipio unibertsal argirik ezarri. " Estatu Batuetako ordezkaritzak "Observations of the United States with respect to the Declaration on the Rights of Indigenous Peoples" dokumentua argitaratu zuen. Dokumentu horrek bere gobernuaren eragozpenak zehazten ditu, eta horietako asko beste hiru herrialdeetakoen puntu berberetan oinarrituta daude, baina nabarmentzen du, AEBetako gobernuaren arabera, Adierazpenak ez duela herri indigenen definizio argirik.

Lau gobernu horiek esandakoaren kontra, beste herrialde askok eta Nazio Batuetako goi-funtzionarioek adierazi zuten pozik zeudela Adierazpena onartu izanarekin. Ban Ki-Moon Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak adierazi zuenez, "NBE osatzen duten estatuak eta herri indigenak historia penagarri baten ondoren adiskidetu diren une historikoa da, eta giza eskubideen, justiziaren eta guztiontzako garapenaren ibilbidean elkarrekin aurrera egitea erabaki dute. " Louise Arbour, Kanadako herritarra, Giza Eskubideetarako Goi Komisarioa, pozik agertu zen lan gogorrak eta pertseberantziak azkenean "herri indigenen eskubideei buruz orain arte egin den Adierazpen ulergarrienaren fruitua eman dutelako". Era berean, Adierazpena onartzeari buruzko berriak pozez hartu ziren Afrikan, eta Boliviako ordezkariak, David Choquehuanca Kanpo Harremanetarako Ministroak, esan zuen espero zuela kontra bozkatu zuten edo abstenitu ziren gobernuek, hartutako posizioa berriz aztertzea eta Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalak bezain garrantzitsu deskribatu zuen dokumentua babestea.

2010eko martxoan, Australiak Adierazpenarekin bat egin zuela iragarri zuen. Zelanda Berriak jarraitu zion, hiru urtez kontra egin ondoren. 2010eko azaroan, Kanadako Gobernuak bere babesa iragarri zuen, eta, azkenean, urte bereko abenduan, Estatu Batuek Adierazpenarekin bat egingo zutela berretsi zuten. Obamak aldaketa politiko hau iragarri zuen Etxe Zuriko Nazio Tribalen Biltzarraren irekiera ekitaldian: "Hitzek baino askoz gehiago axola duena, edozein ebazpen edo adierazpenek baino askoz gehiago axola duena, hitz horiekin bat datozen gertaerak dira", gaineratu zuen presidenteak. "Ameriketako Estatu Batuen babesa zenbait interpretaziok zehaztu zuten, hala nola, Adierazpenak" herri indigenentzako determinazio askearen nazioarteko kontzeptu berri eta desberdin bat "sustatzen duela, eta hori ez dela nazioarteko zuzenbidean dagoen kontzeptu bera. Gainera, "aurretiko baimen askea, informatua" interpretatzen du, eta honako hau dio: "Estatu Batuek uste dute tribuetako liderrekin kontsulta-prozesu esanguratsua eskatzen duela, baina ez nahitaez lider horien akordioa, kontsulta horietan jorratutako neurriak hartu aurretik"[16].

Adierazpena onartu zenetik hainbat lanen aztergai izan da[16][17].

Erreferentziak

  1. (Ingelesez) «UN Declaration on the Rights of Indigenous Peoples» OHCHR (Noiz kontsultatua: 2023-04-19).
  2. «Canada’s Forgotten Founders: The Modern Significance of the Haudenosaunee (Iroquois) Application for Membership in the League of Nations » Grand River Country» web.archive.org 2017-12-15 (Noiz kontsultatua: 2023-04-24).
  3. (Ingelesez) Corntassel, Jeff. (2008-01). «Toward Sustainable Self-Determination: Rethinking the Contemporary Indigenous-Rights Discourse» Alternatives: Global, Local, Political 33 (1): 105–132.  doi:10.1177/030437540803300106. ISSN 0304-3754. (Noiz kontsultatua: 2023-04-24).
  4. «UNPFII - United Nations Permanent Forum on Indigenous Issues» web.archive.org 2012-01-20 (Noiz kontsultatua: 2023-04-19).
  5. «United Nations News Centre - UN Human Rights Council adopts documents on disappearances and indigenous peoples» web.archive.org 2017-09-13 (Noiz kontsultatua: 2023-04-19).
  6. «Canada’s Opposition to UNDRIP» web.archive.org 2013-11-30 (Noiz kontsultatua: 2023-04-24).
  7. Anna., Cowan,. (2013). UNDRIP and the Intervention: Indigenous Self-Determination, Participation, and Racial Discrimination in the Northern Territory of Australia (Indigenous Rights in the Pacific Rim). PMC 899740462. (Noiz kontsultatua: 2023-04-24).
  8. «Don't Cry for Us Ukraina!» www.iccrimea.org (Noiz kontsultatua: 2023-04-24).
  9. «United Nations Declaration on the Rights of Indigenous Peoples | Division for Inclusive Social Development (DISD)» social.desa.un.org (Noiz kontsultatua: 2023-04-19).
  10. Barnabas, Sylvanus Gbendazhi. (2017-12-07). «The Legal Status of the United Nations Declaration on the Rights of Indigenous Peoples (2007) in Contemporary International Human Rights Law» International Human Rights Law Review 6 (2): 242–261.  doi:10.1163/22131035-00602006. ISSN 2213-1027. (Noiz kontsultatua: 2023-04-19).
  11. «From aspiration to inspiration: UNDRIP finding deep traction in Indigenous communities» web.archive.org 2013-09-23 (Noiz kontsultatua: 2023-04-19).
  12. «Community Rights to Culture: The UN Declaration on the Rights of Indigenous Peoples» Reflections on the UN Declaration on the Rights of Indigenous Peoples (Hart Publishing) (Noiz kontsultatua: 2023-04-24).
  13. (Ingelesez) Indigenous rights outlined by UN. 2007-09-13 (Noiz kontsultatua: 2023-04-27).
  14. «Native rights declaration inconsistent with legal tradition: Strahl» web.archive.org 2011-10-11 (Noiz kontsultatua: 2023-04-27).
  15. Friday; September 2007, 14; Zeal, 4:57 pm Press Release: New; Government. «Māori Party’s head in the clouds | Scoop News» www.scoop.co.nz (Noiz kontsultatua: 2023-04-27).
  16. a b «The United Nations Declaration on the Rights of Indigenous Peoples» Reflections on the UN Declaration on the Rights of Indigenous Peoples (Hart Publishing) (Noiz kontsultatua: 2023-04-27).
  17. honoree., Boerefijn, Ineke, 1963- editor. Goldschmidt, J. E. (Jenny Elisabeth), 1950- editor. Flinterman, C. (Cees), 1944-. Changing perceptions of sovereignty and human rights : essays in honour of Cees Flinterman. ISBN 978-90-5095-759-5. PMC 308157270. (Noiz kontsultatua: 2023-04-27).

Kanpo estekak

  • Herri Indigenen Eskubideei buruzko Adierazpena
Autoritate kontrola
  • Wikimedia proiektuak
  • Wd Datuak: Q1138309
  • Identifikadoreak
  • NKC: kon2014837779
  • Hiztegiak eta entziklopediak
  • Britannica: url
  • Wd Datuak: Q1138309